Noticias

Atrás

ALKIZAKO SORMENAREN KABIA ABIAN DA

"Sormenaren Kabia" Egonaldi Artistikoetan parte hartzeko deialdia irekiko da uztailaren 4ean

29·06·2018


FAGUS ALKIZA Interpretazio Zentroak bost urteko bidea egin du jada eta urteurrenak proiektu berriak martxan jartzeko aitzakia eta indarra eman digu.

 

Hiru dira Fagusen ardatz nagusiak: natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kultura. Alkizako Udalak eta herriko eragileek urteak daramatzate naturaren eta gizakiaren esparruan hausnartzen eta bien arteko harremana sendotzeko lanean.

 

Orain berriz, iritsi da hirugarren zutabeari tinko eusteko garaia, jakina, beste biak ahaztu gabe. Hala, "Sormenaren Kabia" ekimen berria jarriko dugu abian. Artistentzako gogoetarako, sormenerako eta lanerako gune bat sortu nahi dugu, kulturaren sorkuntza hirietatik desentralizatu eta hau gizarteratzeko tresna bihurtu nahi dugu “Sormenaren Kabia”  Gipuzkoa osorako.

 

Proiektua burutzeko bidea luzea izango dela jakitun gara eta poliki-poliki eta mimoz hasi gara kabia eraikitzen. "Natura, gizakia eta artea" irudigileen topaketa gauzatu dugu berriki Alkizan eta  bertan erein dugu etorkizunerako lehen hazia.

 

Kabia betetzeko unea iritsi da. Hala, “Sormenaren Kabia” Artistentzako Egonaldien Lehen Edizioa abian jarriko dugu. Egonaldia Alkizan gauzatuko da, iraila eta urria bitartean eta bertan parte hartuko duen artista aukeratzeko proiektuak jasotzeko deialdi irekia  aurkeztu nahi dugu. Horretarako, Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak eta Alkizako eragileek prentsaurrekoa eskainiko dugu datorren asteazkenean, eguerdiko hamabietan. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, aldez aurretik, mila esker:

Sormenaren Kabia, Artistentzako Egonaldiak aurkezteko prentsaurreko deialdia:

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan

Noiz: Uztailak 4, asteazkena

Ordua: 12:00tan