Noticias

Atrás

Badatoz Alkizako festak

2
Irailaren 6a eta 9a bitartean festa giroa nagusi izango da oilategian.

22·08·2018


Udako oporrei agur esan orduko festa giroan murgilduko dira alkizarrak. Datorren ostegunean  botako dute txupina eta lau egunez ez dute zereginik faltako oiloek. Urtero moduan, haur, gazte zein helduak asetzeko moduko egitaraua prestatu du jai batzordeak: haur jolasak, zirku tailerra, herri afaria, pelota partidak, barrikotea, herri kirolak, txirrindulari lasterketa, bertso jaialdia, txakolin dastaketa, erromeriak e.a. 

Alkiza edozein sasoitan da ikusgarria eta bertara bisita egitea beti da ederra, hare gehiago herria festa betean badago. Hala,  Hernioren magalean eguna pasatzeko aitzakia ederra eskaintzen digute herriko jaiek.

Zatoz eta goza ezazu Alkizako parajeez.Herriko Ostatuan bertako eta garaiko jakiekin egindako platera goxoak dastatzeko aukera duzu eta oilategia dantzan izango den sasoi honetan, kopa altxatu eta topa egin nahi baduzu, Alkizan bertan egindako Inazio Urruzola txakolina edo Leteko sagardoa dastatzeko aukera ere izango duzu. 

Eguna luzea da eta Koldobika Jauregi eskulturgile ospetsuaren Ur Mara museora bisita egiteak lasaitasuna emango dizu. Bertako basoetan, uraren marmarra entzunez eta Jauregik egindako eskultura itzelak ikusiz indarberrituko zara. Eguna behar bezala bukatzeko, Lete Nekazaletxean pasa dezakezu gaua. Argi ibili, XVII. mendeko baserri honek maiteminduko zaitu eta berriro itzuli nahiko duzu, behin eta berriz.

Ez ahaztu bada irailaren 6a eta 9a bitartean Alkizan festak ospatuko ditugula. Alkizarrek zein bisitarek, ondo pasa itzazue festak!

 

1 2