ALKIZAKO UDALAK ETA EUSKALTZAINDIAK JUAN IRAZUSTAREN LANA ETA HAREN GARAIA GOGORA EKARRI DITUZTE
22·07·2022
ALKIZA (2022-07-22). Juan Irazustak idazlan bakarra publikatu zuen. 1739an Gaspar Astete jesuitaren doktrina argitaratu zuen Iruñean, euskarara itzulita, Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac izenburuarekin. Bi mendetan zehar, Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi behar izan zuten. Aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere, bere itzala gaur egun arte iritsi da. Hala, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak, Irazusta, bere garaia eta lana gogora ekarri dituzte gaur, erakusketa eta liburu baten eskutik.
Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak adierazi duenez, Irazusta hil zeneko urteurrena pertsonaia argitara ateratzeko aitzakia aparta izan da: “Alkiza bezalako herri txikiek, are gehiago nekazaritza-guneak badira, nekez izan dituzte jaioterriari tornuia eman dioten pertsonaia ezagunak. Alkizak bat edo beste badu, baina guri dagokigu herriak eman dituenak ahanzturatik ateratzea eta merezi duten distira ematea. Juan Irazustaren heriotzaren 250. urteurrena aitzakia egokia izan da izar horietako bat purgatoriotik ateratzeko eta bere sona XXI. mendera ekartzeko”.
Honela, gaurko ospakizunak bi zati izan ditu. Lehenengoan Juan Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratu da Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroan. Besteak beste, bertan parte hartu dute Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak eta Alkizako alkateak. “Gaur inauguratu dugun erakusketak eta aurkeztuko dugun liburuak bi helburu nagusi dituzte: batetik, Juan Irazustaren figura berreskuratzea eta ezagutaraztea, eta, bestetik, XVIII. mendeko gipuzkoar gizartearen erradiografia moduko bat eskaintzea XXI. gizaldiko herritarrei, euskara ardatz hartuta”, azaldu du Irazabalbeitiak. Foru Aldundiak bere gain hartu ditu erakusketak eragindako gastuak eta alkateak esker oneko hitzak izan dit.