Publicador de contenidos
Atrás

EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA ETA KLIMA-ALDAKETA PROTAGONISTA IZANGO DIRA MARTXOKO AGENDAN

1
Martxoko egitarauaren baitan, herriko txondorgileei omenaldia egingo die Alkizako Udalak.

05·03·2020


Martxoko programazioak bi ardatz nagusi izango ditu: Emakumeen Nazioarteko Eguna eta Asteklima, Euskadiko klima-aldaketari buruzko astea.

Jakina denez, martxoaren 8a Emakumeen Nazioarteko Eguna da eta Alkizako Udalak bat egingo du ospakizunekin. Hala, herriko emakumeekin elkarlanean, martxoaren 7rako afaria antolatu du  Alkizako Herri Ostatuan. Bertan, belaunaldi ezberdinetako emakumeek elkarrekin solasean aritu eta otordu goxoaz gozatzeko aukera izango dute.

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, bestalde,  “Bakean dagoena bakean utzi” antzezlana ikusteko aukera izango dugu. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai artistek, sei bakarrizketa aurkezten dituzte, elkarrekin josita. Euskara eta generoa umore-gai hartuta, euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorpuztasuna eta kristalezko sabaia bezalako gaiak dituzte hizpide ordu bete inguruko emankizunean. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak zirikatzen dituzte. Ikuskizuna martxoaren 13an, arratsaldeko 19:00etan eskainiko dute kultur etxean.

Euskadiko klima-aldaketari buruzko II. Astea, Asteklima ospatuko da martxoaren 21etik 29ra bitartean. IHOBEK; Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak diruz lagunduko ditu klima-aldaketaren inguruan herritarrak kontzientziatzeko helburua duten ekintzak. Alkizako Udalak IHOBE-ren diru-laguntza jaso du jarraian aipatuko ditugun ekintzak gauzatzeko.

Herriko txondorgileei omenaldia egingo diegu martxoaren 21ean. Garai batean, Alkizako basoetan 17 txondor ere ikusi zitezkeen gori-gori.Izan ere, egur-ikatza, alkizarren ekonomian ezinbestekoa izan zen zenbait garaitan.

 Alkiza Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Eremuaren baitan kokaturik dago. Natura 2000 Sare ekologiko europarraren baitan aitortutako paraje ikusgarriak ditugu inguruan. Naturagune ederra izateaz gainera, balio ekologiko handiko eremua da; bertan, babestutako hainbat landare eta animalia espezie eta habitat ditugu. Klima aldaketak eragin zuzena du naturan eta hori gure basoetan agerikoa da. Horren inguruan azalpenak emateko ibilbide gidatua egingo dugu Alkizako basoetan. Fagus Alkiza Interpretazio Zentroko dinamizatzailea eta Joxe Ramon Agirre, Marron, mendizale ezaguna izango dira gidariak.

Ibilaldia egin ondoren, garai batean egur-ikatza egiten aritzen ziren herriko txondorgileekin solasean ariko gara pago handi baten alboan. Egindako lana eskertzeko omenaldi xume bat egingo diegu bertan eta ekitaldia amaitzeko, zuhaitzak nola mugarratzen ziren azaltzeko erakustaldia egingo du Marronek. Eguraldi txarra eginez gero, omenaldia frontoian edo Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan egingo dugu.

2020ko Euskadiko Klima-aldaketari buruzko astearen baitan, bestetik, klima-aldaketa eta glaziarren atzeraldiaren inguruan hitzaldia eskainiko du Ibai Rico geografo eta glaziologoak, martxoaren 26ean, arratsaldeko 19:00etan Fagus Alkiza Interpretazio Zentroa. “Aldaketa klimatikoa glaziarren ikuspegitik” hitzaldian klimaren aldaketak eragindako inpaktuen eta gure egitekoen inguruan mintzatuko da.

 

1