Publicador de contenidos
Atrás

SAGARARTE, SAGARDOGINTZA, GASTRONOMIA ETA ARTEA UZTARTZEN DITUEN EKIMENA ALKIZARA IRITSIKO DA

Ekimen honen baitan, Alkizako Herri Ostatuak afari gidatua eskainiko du otsailaren 28an.

18·02·2020


Astigarragako Astarbe sagardotegiko arduradunek, duela hiru urte jarri zuten martxan irabazi asmorik gabeko SagarArte elkartea. Kultur sorkuntzan sagardotegiek bere garaian izan zuten paper aktiboa berreskuratzeko asmoz sortu zuten. 

Urte hauetan guztietan, hainbat artista gazteren lanak ezagutzera emateko zirkuitoak osatu dituzte. SagarArte ekimena orain Gipuzkoako hainbat herri txikitako Ostatuetara iritsiko da, besteak beste Alkizakora. 

SagarArteren ekimenari esker, apirila bitarte artisten sorkuntza lanak izango dira ikusgai herriko ostatuetan eta ostatu bakoitzak, aldi berean, bost plater prestatuko ditu arte lan horietan oinarrituta. Afari gidatu formatuan platerak aurkeztu aurretik sorkuntza lanak aurkeztuko dira, obren atzean dagoen kontakizuna mahai gainean jarriz eta platerarekin duen harremana erakutsiz. Sagarra eta sagardoaren kultura oinarrian dagoenez, sagardo ezberdinekin uztartuko dituzte obrak eta jatekoak.

SagarArte ekimena Alkizako ostatura otsailaren 28a iritsiko da. Bertako afari gidatuan parte hartu nahi duenak 943 69 18 36 telefonora dei dezake. Gainerako herrietatik Alkizara joateko autobusa antolatuko du bertako udalak, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Tolosatik ere pasako da. Erreserbak, sagararte@astarbe.eus helbidean ere egin daitezke.