Albisteak

Atzealdea

"NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA"IRUDIGILEEN TOPAKETA EGINGO DA ALKIZAN

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren V. urteurrena ospatzeko "Natura, gizakia eta artea" irudigileen topaketa egingo dugu maiatzaren 26an Alkizan

2018·05·03


Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak 5 urte beteko ditu maiatzean eta horren harira, "Natura, Gizakia eta Artea"  irudigileen topaketa egingo dugu maiatzaren 26an.

 

Alkiza herri txikia izanik ere, ondare natural izugarria du. Herriko plazatik bertatik ikusi ditzagun paisaiak zoragarriak dira, sormenerako gune paregabea dela esan daiteke. Fagus Alkizak urteak daramatza natura, gizakia eta bien arteko harremanetik sortzen den kulturaren inguruan hausnartzen eta  hori babestu eta indartzeko lanean. Hala,  hiru elemetu horiek ardatz moduan harturik, irudiarekin lan egiten duzuen artistak elkartu nahi zaituztegu, egunean zehar bakoitzak bere esparruko lan bat sortu dezan.

 

Topaketa hau herritarrentzako ez ezik, artistentzako ere erakusleiho bat izatea nahi dugu. Batetik, herritarrek artisten sortze prozesua nolakoa den ikusteko aukera izango dute bertatik-bertara. Bestetik, artearen esparru ezberdinetan diharduzuen emakume zein gizonezkoek elkarren berri izan eta ideiak, galderak, proposamenak e.a. partekatzeko espazio bat eskainiko zaizue.

 

Topaketa Alkizako gune ezberdinetan gauzatuko da eta bestek-beste, Koldobika Jauregi eskulturgile ezagunaren Ur mara museora ere zabalduko da sorkuntza gunea.

 

Tolosaldeko zein Gipuzkoa osoko artistei gonbidapena luzatzea erabaki dugu, Topaketa hau eskualderako ez ezik,  Gipuzkoa osorako ere erakusleihoa izatea nahi baitugu. Irudiaren esparru ezberdinetako artistak, emakume zein gizonak, gazteak eta ez horren gazteak elkartzea da gure xedea.

​Topaketan parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan:

Helbide elektronikoa: kultura@alkiza.eus

​Telefonoa: 688 604 466