Eduki publikatzailea
Atzealdea

ALKIZA NOMAD STUDIOK AUKERATUTAKO AGERTOKIETAKO BAT DA

ALKIZA, NOMAD STUDIO, ARGAZKI ESTUDIO IBILTARIAREN “RETRATO NÓMADA: GIPUZKOA” PROIEKTUA GAUZATUKO DEN AGERTOKIETAKO BAT IZANGO DA.

2019·09·24


Eli Garmendia eta Carlos Pericás argazkilariak dira, ezohiko argazkilariak ordea. Bartzelonan hamabost urtez bizi ondoren, euren bizimodua errotik aldatzea erabaki zuten. Gauza materialekiko kateak apurtu eta slow mugimendura gerturatzea erabaki zuten, presarik gabe bizitzea. Hala, autokarabana txiki batean, 17 hilabetetan hamar mila kilometro baina gehiago egin dituzte batera eta bestera bidaiatuz. Argazki estudio ibiltari bihurtu dute euren bizitokia ere baden ibilgailua eta herriz-herri ibili dira erretratuak  atera eta hamaika lagunen historiak eta istorioak ezagutuz.

Nomad Studiok gaur egun, erronka polit bat du esku artean: “Retrato Nomada: Gipuzkoa”. Garai bateko argazkilariek bezalaxe, Gipuzkoako hainbat herritara joan nahi dute herritarrei erretratuak atera eta argazki artxibo bat osatzeko. “Retrato Nomada: Gipuzkoa”, Gipuzkoako Foru Aldundiaren META! Diru laguntza eskuratzeko aurkeztu ziren proiektuen artean aukeratu izan da. Horren haritik eta proiektua burutu ahal izateko, Nomad Studio Art Elkarte Kulturalak diru bilketa kanpaina bat jarri du abian.

Nomad Studiok “Retrato Nómada: Gipuzkoa” hainbat herri txikitan burutuko du, besteak beste Alkizan. Orain gutxi Eli eta Carlos Alkizan izan ditugu eta euren proposamena benetan interesgarria iruditu zaigu. Hala, dena ondo bidean, datorren urteko udaberrian Alkizan izango ditugu Nomad Studioko kideak.

Edonork bat egin dezake ekimen honekin, 5 eta 4000 € arteko diru laguntza emanez

http://www.nomadstudio.art/es/inicio/

Argazkia: "La Bitxa" Autokarabana. Nomad Studio.