Eduki publikatzailea
Atzealdea

Alkizako Lete Apartamentuek NECOLABEL ziurtagiria eskuratu dute

Europako etiketa ekologiko hau lortu duen Tolosaldeko lehen zerbitzu turistikoa da.

2019·08·29


Hernio mendiaren magalean, Alkiza herriaren erdigunean kokaturik dago Lete Nekazaletxe ikusgarria eta aurre-aurrez daude Lete Apartamentuak. Jose Inazio Letek eta Asun Muruak ia hiru hamarkada daramatzate euren bezeroen ongizatea bermatzeko buru-belarri lanean. Bide horretan, natura errespetatu eta zaintzea izan da euren ardatzetako bat. Ekinaren ekinez, dena mimo handiz zainduz,  Europar Batasunak sortutako Ecolabel zigilua eskuratu dute.

Etiketa ekologiko ofizial honen helburua, ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuak sustatzea da. Ecolabel agiria lortzea, baina, ez da erraza, kontrol oso zorrotzak pasa behar baitira hau izateko. Horregatik, ingurumenari egiten zaion eragina murrizteko konpromiso eta praktika multzoa barne duen ingurumen politikak ezarri ditu Letek. Esate baterako, neurri ezberdinak hartu dituzte energiaren, uraren eta oinarrizko elementuen kontsumoa murrizteko. Efizientzia energetikoaren neurketan Euskadiko efizienteenen artean kokatu dituzte Alkizako Lete Apartamentuak.

Ondare Historikotzat izendatua izan zen XVII. Mendeko eraikin ikusgarria da Lete Nekazaletxea eta euskal baserrietako bizitza eta ohiturak ezagutzeko paregabea da. Apartamentuek berriz, egonaldi ahaztezin bat igarotzeko erosotasun guztiak eta ikuspegi ezin hobeak eskaintzen dituzte. Asun eta Jose Inazio ostalari abegikorrak dira eta horri esker, etxean bezala sentitzen dira bisitariak.

Hernio-Gazumeko altxorrak ezagutzeko aukera aparta eskaintzen dizue Alkizak. Bertan duzue Ecolabel Etiketa Ekologikoa duen Tolosaldeko lehen zerbitzu turistikoa. Jose Inazio, Asun, Onintza, Naroa eta Igor, bejondeizuela!

Apartamentuez, nekazaletxeaz edota Ecolabel ziurtagiriz gehiago jakin nahi izatera, hona hemen informazioa eskuratzeko estekak.

www.letealkiza.com

www.ecolabel.eu

www.euskadi.eus/europako-etiketa-ekologikoa/web01-a2ingkut/eu/