Eduki publikatzailea
Atzealdea

NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA II. TOPAKETA

3
Ekainaren 8an ospatuko dugu "Natura, gizakia eta artea" artisten II. Topaketa

2019·04·11


“NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA”

 

Fagus Alkiza Intepretazio Zentroak Gipuzkoako kultura maparen barruan egitasmo artistiko berri bat jarri du martxan. Euskal Herriko sortzaileek ez ezik, mundu osoko artistek ere tokia duten ekimen berri bat jarri dugu abian: SORMENAREN KABIA ARTISTENTZAKO EGONALDIAK.

 

Egitasmo honi lotuta hainbat jarduera sozio-kultural antolatu ditugu, besteak-beste "NATURA, GIZAKIA ETA ARTEA"   TOPAKETA .

 

Aurten ere Alkiza artisten topalekua izateko xedea dugu.  Irudimena erabiliz, sorkuntza landu eta garatzen duten emakume zein gizonek, hasi berriek zein beteranoek, denek izango dute tokia topaketan. Aurten, ekainaren 8an ospatuko da.  

Alkizan natura eta artea eskutik doaz, naturak berak eskaintzen dizkigu hain zuzen ere artelanik ederrenak. Ikusmena, entzumena, dastamena, usaimena eta ukimena; zentzumen guztiak lantzeko aukera eskaintzen digu arteak, are gehiago Hernio mendiaren magalean bagaude.

II. Ekitaldian “BASOA” izango da kreatzaileek aintzat hartu beharko duten gaia. Hamaika izan daitezke hari horri heltzeko bideak: musika, pintura, egur taila, sukaldaritza e.a.

Sortzaileek emandako leloari heldu, eta, Alkizako ingurune zoragarria begi aurrean dutelarik, egunean bertan,  artelan bat sortu beharko dute.

Herritarrek artisten sormen eta sortze prozesua zer nolakoa den ikusteko aukera izango dute bertatik-bertara.

Artistek eta herritarrek aurrez-aurre egoteko aukera izango dute, izan ere, interakziorako aukera eskainiko baitu Topaketak .

Ekitaldi hau sortzaileentzako bilgune bihurtuko da. Izan ere, euren esperientziak, galderak, proposamenak eta kritikak elkarbanatzeko espazioa ere izango baitute bertan.

Topaketa Alkizako gune ezberdinetan gauzatuko da. Herriko plaza kokagune nagusia izango bada ere, sormen espazioak Urmara museora ere iritsiko dira, bertan, artistek Koldobika Jauregi eskulturgile ezaguna bidelagun izango dutelarik.

Zu zeu artista bazara, eta “Natura, gizakia eta artea” II. Topaketan parte hartu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan. Ekimenari lotutako xehetasunak (antolaketari dagozkionak, ekonomikoak e.a) pertsonalki azalduko dizkizuegu.

Animatu eta bat egin naturarekin!

 

Edurne Ayuso Apaolaza

Alkizako Kultur Dinamizatzailea

Telf: 688 604 466 

kultura@alkiza.eus

1 2 3