“HITZAK ZAINDARI” ERAKUSKETA IBILTARIA ALKIZARA IRITSIKO DA
2021·11·18
«Hitzak Zaindari, Literaturaren hitzak zaindari» kanpaina martxan du EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak), Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak, Kutxa Fundazioaren laguntzarekin.
Gipuzkoan burutzen ari da, eta «zaintza» du ardatz. Euskal literaturako bost adituk euskal letretako 20 testu aukeratu dituzte kanpaina honetarako, zaintzaren hainbat ertz erakutsi nahian, hitzak zaindariak ere badirelako.
Egitasmo honek ekimen hauek ditu: erakusketa ibiltari bat eta liburuxka bat. Erakusketa Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan inauguratu zen uztailaren 6an. Ondoren, Gipuzkoako beste hainbat herritan egon da eta urtea amaitu aurretik Alkizara iritsiko da. Fagus Alkiza interpretazio-zentroan ikusgai egongo da azaroaren 26tik urtarrilaren 14ra bitartean. Erakusketara hurbiltzen direnei testu guztiak biltzen dituen liburuxka bat banatuko zaie.
Urtebeteko bidea egin du erakusketak eta Hernioaren magalean bukatuko du aurtengo ibilbidea. Alkizako erakusketa inauguratzeko Pettik kontzertu akustikoa eskainiko du herriko elizan. Abeslari eta gitarrajole nafarrak hitzekin ederki jolas egiten du eta emanaldi ederra eskainiko du nahi duen ororentzat. Kontzertua arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta ordubete lehenago irekiko da erakusketa.
Antolatzaileek erakusketan dioten moduan, “Bizitzak zaintza dakar, eta zaintzak bizitza”. Hortaz, zain ditzagun gure hitzak eta bizirik manten dezagun gure hizkuntza. Goza dezagun guztiok “Hitzak zaindari” erakusketaz.
HITZAK ZAINDARI ERAKUSKETA
Non: Alkizako Fagus interpretazio-zentroan
Data: azaroak 26-urtarrilak 14
INAUGURAZIO EKITALDIA: PETTIREN KONTZERTU AKUSTIKOA
Non: Alkizak elizan
Noiz: azaroak 26, ostirala
Ordua: 19:00etan.