Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Habiaratutako portletak
Eduki publikatzailea
Habiaratutako portletak
Eduki publikatzailea
Atzealdea

ABENDUA KULTUR EKITALDIZ BETETA DATOR

Natura, gizakia eta kultura aintzat hartuz abenduan zehar hainbat ekitaldi egingo dira Alkizan.

2019·11·26


Abendua ekitaldiz beterik iritsiko da Alkizara. Besteak beste, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Migratzaileen Eguna aintzat hartu ditugu ekitaldiak antolatzerakoan. Hona hemen egitarau osoa: 

ABENDUAREN 2an. “Bigarren mailako errefuxiatuak” erakusketaren inaugurazioa

Pertsona migratzaileen nazioarteko eguna izendatu zuen abenduaren 18a NBEk 2000. urtean, migrazioak gizateariaren garapenari egindako ekarpena azpimarratzeko. Errealitateak, baina, migratzaileek egun bizi duten egoera benetan gordina dela erakusten digu behin eta berriz.

Antonio Ruiz foto-kazetaria da. Hamaika komunikabidetan argitaratu dira bere lanak, hala nola El Mundon, Le Monden, The Guardianen eta abar. Ruizek, norabait iritsi eta pertsonen oinarrizko eskubideak izateko hesi gainetik salto egiteko prest dauden pertsonei, aterpetuak izan nahi eta horretarako aukera ukatzen zaien gizon-emakumeei erreparatu die “Bigarren mailako errefuxiatuak” erakusketan. Kazetariak, bere argazkien bidez, zer pentsatua emango digu, barruak mugituko dizkigu.

“Bigarren mailako errefuxiatuak”, Antonio Ruiz foto-kazetariaren erakusketa

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan

Datak: 2019ko abenduaren 2tik-2020ko urtarrilaren 31ra.

.

ABENDUAREN 3an. Euskararen Nazioarteko Eguna

Jauzika dator euskara. Jauzika mendez mende. Jauzika egunez egun. Bihotzetik bihotzera jauzika. Eta, batez ere, ezpainez ezpain jauzika. Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dugu eta gure hizkuntzaren eguna ospatu nahi dugu herritar guztiekin batera. Horregatik, Alkizako Udalak, Alkizako Eskolak eta euskara ikasten ari diren zenbait herritarrek ekitaldi xume batzuk antolatu ditugu elkarrekin.

-16:00etan. “Hitzolariak” Euskararekin eta euskaraz, jolasean.

Galtzaundi Euskara Taldeak, ohi bezala, eskualdeko herri guztiei ekimen bateratu bat egitea proposatu die.  Hala, aurten, “Hitzolariak” izeneko ekimena burutuko dugu. Herritarrak eta euskara erdigunean jarriz, ondo pasatzeko ariketa-dinamika bat izango da.

Batetik, euskararen izaera modernoa erakutsi nahi da, moldatzeko duen gaitasuna , horregatik, egunerokotasuan, egungo bizimoduari lotuta erabiltzen ditugun hitz berriak jaso nahi dira. Bestetik, gaur egun oso gutxi erabiltzen diren garai bateko hitzak aintzat hartu nahi dira. Informazioaren bilketa lana Alkizako Eskolako neska-mutilek egingo dute.  Plazara gerturatutako helduak euskarazko euren hitz kuttunak idaztera gonbidatuko dituzte, modernoak zein aintzinakoak.

Hitz guztiak jaso ondoren, Alkizako Eskolako irakasle, ikasle zein gurasoek elkarrekin abestuko dute.

-16:30etatik-17:00etara: Gaztaina Jana Plazan edo frontoian

-17:00etatik aurrera: euskara ikasten ari diren herritarrek, euren jatorrizko hizkuntzan kontatuko digute zergatik erabaki zuten euskaraz ikastea. Jarraian, herriko musikarien laguntzaz, hainbat kanta abestuko ditugu elkarrekin.

ABENDUAREN 4an. “Euskaraz bizi ahal gara!” hitzaldia

Zer nolako arrastoa utzi du Euskaraldiak Tolosaldean? Zenbateraino bizi gaitezke euskaraz Tolosan eta zenbat erabiltzen dugu? Zerk garamatza batzuetan euskara ez erabiltzera? Galdera hauei erantzuna emateko asmoz, herriz herriko hitzaldi zikloa antolatu du Galtzaundi Euskara Taldeak ‘Euskaraz bizi ahal gara!’ izenburupean.

 

“Euskaraz bizi ahal gara!” hitzaldia

Noiz: abenduaren 4an

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan

Ordua: 19:00etan

ABENDUAREN 11an. “Alkiza eta bere ingurua historiaurrean” hitzaldia

Jesus Tapia Filosofia eta Letretako lizentziaduna da. Hainbat indusketatan eta arkeologia-lanetan parte hartu du Aranzadirekin 1993tik. 2002tik Aranzadiko Kide Aktiboa eta Historiaurreko Arkeologia Saileko kidea da.

Burututako lanek eta kolaborazioek Euskal Herriko Historiaurrearen arloari eta Kantauriko eremuari erreparatu diote batez ere, baina beste gai batzuetan ere parte hartu du, adibidez, Erdi Aroko eta Aro Modernoko Arkeologian edo Gerra Zibileko zein Gerraosteko hobi komunetatik gorpuak lurpetik ateratzeko lanetan. Sirian eta Argentinako Patagonian garatutako nazioarteko ikerketa-proiektuetan parte hartu du.

Orain arte Alkizan egin diren indusketako arrastoak aintzat hartuz, Hernio mendiaren ingurua lehen gizakiaren bizitokietako bat izan zela ondorioztatu daiteke. Tapiak, historiaurrean Alkiza ingurua nolakoa zen eta bertako gizakia nola bizi zen azaltzeko hitzaldia eskainiko du abenduaren 11an.

“Alkiza eta bere ingurua historiaurrean” hitzaldia Jesus Tapiaren eskutik

Noiz: abenduaren 11an

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan.

Ordua: 19:00etan

ABENDUAREN 13an. “Sormenaren Kabia 2019” aurkezpena

Sormena eta kultura hiri eta herri handietatik deszentralizatzeko asmoarekin martxan jarri genuen Sormenaren Kabia. Alkiza landa-eremuan sormena landu nahi duten artistentzat toki paregabea dela sinistuta martxan jarri genuen proiektu hau.

Artistentzako egonaldien bigarren ekitaldian Nagore Legarreta eta Beñat Ralla sortzaileen proiektuak izan dira aukeratuak. Legarretak, magoa bailitzan, ontziekin argazki kamerak sortu eta argazkiak ateratzen irakatsi digu bere egonaldian zehar. Zertarako baina? Zergatik? Abenduaren 13an jakingo ditugu erantzunak.

Beñat Rallak MugMus Laborategiko, Jone Amezaga, Ioritz Galarraga eta Iñar Sastre kideak bidelagun ditu euren bigarren lanean. Zer kontatu nahi digute “Garaiz: 60 taupada minutuko” obran? Abenduaren 13an ezagutuko ditugu xehetasunak.

Unai Sorarrain bideogile alkizarra sortzaileen alboan izan da herrian egin duten egonaldian zehar eta baita Alkizatik kanpora ere. Argazki kamera eskutan, talentuz eta arimaz jarraitu du sortzaileen lana. Abenduaren 13an Sorarrainek egin dituen ikus-entzunezkoak jendaurrean aurkeztuko ditugu eta jarraian, Nagore Legarreta eta Beñat Rallaren esperientzia ezagutuko dugu euren ahotik.

Ekitaldia amaitzeko, Alkizako Herri Ostatuan egindako mokadu batzuk dastatzeko aukera izango dugu.

“Sormenaren Kabia 2019” aurkezpen ekitaldia

Noiz: abenduaren 13an

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan

Ordua: 19:00etan

 

 

ABENDUAREN 14an. Sorkuntza Lantegia familian

Ainhoa Redondo ilustratzaileak familia giroan somena lantzeko lantegia eskainiko du. Marrazketa, monotipoa eta collage teknika erabilita, haurrek eta euren guraso edo tutoreek elkarrekin une goxo batez gozatzeko aukera izango dute. Lantegian zehar artelan bat egingo dute eta marko dotore batekin etxera eramango dute oroigarri moduan.

Partaide kopurua mugatua da eta beharrezkoa da aurretik izena ematea. Gehienera ere, 6 bikoteko taldea onartuko da (12 pertsona gehienez) eta lantegia burutzeko, gutxienez, 4 bikotek izena eman beharko dute. Hamabi lagunek baina gehiagok izena ematen badute, zozketa bidez erabakiko da nortzuk parte hartuko duten. Gainerakoentzat beste lantegi bat antolatuko da datorren urtean.

Sorkuntza Familian Lantegia:

Noiz: abenduaren 14an

Non: Alkizako kultur etxean

Ordua: 10:30etatik 13:00etara.

Izena emateko: kultura@alkiza.eus helbidean edota deitu edo bidali watsappa 688 604 466 zenbakira.

Epea: abenduaren 11a

Prezioa: 10€ familiako

ABENDUAREN 16ean. “Aniztasuna” antzerki-foruma

Baketik 2007. urtetik dabil Antzerki Forumaren metodologiaren bitartez sentsibilizazio lan bat egiten, haur eta gazteei zuzenduta batez ere, eskola-jazarpena, arrazismoa, alkoholaren kontsumoa, bide hezkuntza, aniztasuna edo gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bezalako gaien inguruan.

Migratzaileen Nazioarteko Egunaren harira, Alkizan, Kulturarteko bizikidetzan balio etikoak sustatzeko antzerki-foruma eskainiko du baketik-ek. 2008an martxan jarritako proiektua da, eta bere helbu­rua da ikus-entzuleek desberdinen arteko bizikidetzan erres­petuak duen balioa ulertaraztea, migratzaileen inguruko estereotipoak modu kritikoan identifikatuz.

Ertz asko dituen gai sakona lantzen du “Aniztasuna”k eta hortaz, haurrik gabe joatea aholkatzen dugu. Antzerkia parte-hartzailea denez, ikus-entzuleek emanaldian zehar parte hartzea nahitaezkoa da eta, gutxieneko partaide kopurua osatuko dela bermatzeko, aurrez izena eman behar da.

“Aniztasuna” antzerki-foruma

Noiz: abenduaren 16an

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan

Ordua: 19:00etan

Izena emateko: deitu edo bidali watsapp mezu bat 688 604 466 zenbakira edota idatzi email bat kultura@alkiza.eus helbidera.

 

ABENDUAREN 22an. Gabonetako kontzertua

Alkizako plazan dabilen edozein bisitarik noiznahi entzungo ditu trikitixa, piano, pandero, kitarra edota dultzaina soinuak. Gaur egun, Alkizan sekula baina musika ikasle gehiago ditugu. Maixa Lizarribar, Shrabani Aranzabe eta Martin Lizardi herriko haurrak musikaz maitemintzeko ahalegina egiten dute ikasturte osoan zehar, mimoz eta pazientziaz. Urtea agurtu aurretik, herriko musikari txikiek euren dohainak erakutsiko dizkigute apropos prestatu duten urte amaierako kontzertuan. Bejondeizuela!

 

Gabonetako kontzertua

Noiz: abenduaren 22an

Non: Fagus Alkiza Interpretazio Zentroan (aldaketak egon daitezke)

Ordua: 19:00etan


Web edukia bistaratu

euskadi.eus

Goimen

Herritarrekin martxan

Goierriko hitza

gipuzkoa.eus

Herritarrekin martxan