Edukira joan
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Habiaratutako portletak
Eduki publikatzailea
Habiaratutako portletak
Eduki publikatzailea
Atzealdea

SORMENAREN KABIAK BADITU AURTENGO APOPILOAK

2
Nagore Legarreta Alcelay eta Beñat Ralla Yusta sortzaileen proiektuak aukeratu ditu epaimahaiak. Iraila eta azaroa bitartean Alkizan izango dira artistak.

2019·07·30


Poliki-poliki eta mimo handiz hasi ginen gure kabia eraikitzen, orain iritsi da bigarrengoz habia betetzeko unea. Maiatzean Sormenaren Kabia Artistentzako Egonaldien bigarren ekitaldian parte hartzeko deialdia egin genuen eta aleka-aleka asko izan dira iritsi diren proposamenak, hogeita lau guztira. Hala, bigarren deialdi honek izan duen harrerarekin pozik gaude benetan.

JASOTAKO PROIEKTUAK

Parte hartze datuei dagokionez, aurten ere, emakumeen parte-hartzea nabarmendu behar dugu, hautagaien gehiengoa emakumea izan baita. Jaso ditugun hogeita lau proposamenetatik hamabost emakumezkoenak izan dira, lau gizonezkoenak eta bost kolektibo edo konpainia artistikoenak. 

Euskal Herri bertako parte-hartzaile asko izan ditugu eta baita atzerrikoak ere: Espainia, Txile, Argentina, Lituania eta Frantziakoak besteak beste. Modu honetara, jatorri, kultura, hizkuntza eta bizi molde ezberdinetako pertsonek naturaren, gizakiaren eta kulturaren topalekura, Alkizara etorri nahi dutela adierazi digute.

Sormenaren Kabira gerturatu direnen artean artista hasi berriak zein ibilbide luze eta oparoa dutenak izan ditugu, belaunaldi ezberdinetako sortzaileek bat egin dute gure ekimenarekin. Hautagaien bataz besteko adina 35-40 urte bueltakoa da, 25 urte ditu kiderik gazteenak eta 59 berriz beteranoenak.

Dantzariak, koreografoak, clownak, aktoreak, marrazkilariak, irakasleak, zinemagileak, antzerki sortzaileak, abokatuak… denetariko profesionalen lanak jaso ditugu eta diziplina ezberdinetan jarduten badute ere, guztiak batzen ditu arteak, esperimentatu eta sortzeko gogoak.

HAUTATZEKO BATZORDEA ETA IRIZPIDEAK

Proposamenak aztertu eta guztien artean proiektu bat aukeratzeko xedearekin, Fagus Alkiza Interpretazioa Zentroak honako epaimahaia osatu du:

·         Jon Umerez Urrezola: Alkizako alkate ohia eta EHU-ko irakaslea.

·         Lorea Agirre Dorronsoro: kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria.

·         Koldobika Jauregi Zinkunegi: eskultorea.

·         Aintzane Lasarte Garate: CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeko kultura bitartekaria eta Nekatoenea, artisten egonaldietako arduraduna.

·         Ramon Agirre Lasarte: aktorea eta idazlea.

·         Haizea Barcenilla Garcia: Artearen historian doktorea EHUn irakaslea eta arte kritikoa.

Epaimahaiak jasotako lan guztiak tentuz aztertu ditu eta erabakia hartzerakoan irizpide hauek izan ditu kontuan:

·         Proposamenaren originaltasuna.

·         Proiektuaren koherentzia Fagusen hiru ardatzekin: Natura, gizakia eta kultura.

·         Sormenaren Kabia-k eskaintzen dituen lan-espazioetara eta baliabideetara egokitzapena.

·         Artistak proiektuan parte hartzeko azaldu duen interesa.

HAUTATUTAKO PROIEKTUAK

Epaimahaiak Nagore Legarreta Alcelay eta Beñat Ralla Yusta sortzaileen proiektuak aukeratu ditu.

NAGORE LEGARRETA ALCELAY

Ikus-entzunezko Komunikazioan Lizentziaduna Argazkilaritzarekin duen lotura Hernaniko Kronikan Lan egin zuen urteetan hasi zen, 2003 eta 2009 urteen artean. Argazkilaritzaren inguruko hainbat lantegi burutu ditu argazkilaritzan erreferenteak diren hainbat argazkilarirekin: Eduardo Momeñe, Oscar Molina, David Jimenez, Jon Uriarte, Isabel Diez…

Gaur egun argazkilaritzaren inguruko ikerketan dihardu, bere proiektu pertsonalak sortu eta haien inguruko erakusketak egiten. Bestalde, argazkilaritzako arlo ezberdinekin lotutako lantegiak ematen ditu, baita erakunde, sortzaile eta abarrentzat argazkiak egin ere.

 

 ´Ibaia ez da toki bat´, proiektuan hasitako ideia garatu nahi du egonaldi honetan. Hainbat ibai erreferentzi hartuta ( Urumea ibaia eta Poloniako Odra ibaia) honako gal­dera hauei erantzun nahi izan die Legarretak: “gizakiak historikoki ibaien inguruan antolatu garenez, zein harreman izan dugu harekin? Ubide hutsa al da ibaia? Izaki biziduna al da? Ez al da gure biri­kak bezala hazi eta uzkurtzen, ez al du bere tokia erreklamatzen? Ibaiak begiratzen al gaitu? Eta hala balitz, nola ikusten gaitu?”

Legarretaren helburua bertako biztanleek inguruko natur ondarearekin di­tuzten lotura emozionalak azalarazteko ekintza artistiko kolektibo bat planteatzea da. Kasu honetan ibaiari baino, agian, Hernio eta bertako basoekin lotutakoa.

 

BEÑAT RALLA YUSTA

Lehenik Herri Lanetako Ingeniaritza ikasketak burutu eta horretan bi urtez lanean jardun arren, Donostiako Kontserbatorioan piano eta perkusioa ikasi ondotik, musika eta irakaskuntzarekiko bokazioari helduz Musikenen (Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegian) Musikaren Pedagogia ikasketak eta EHUn Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak burutu zituen. Ondoren Genevan (Suitza) hiru urteko egonaldia egin zuen Dalcroze Erritmika metodologian espezializatuz Gradu eta Master ikasketak egiteko.

Musika eskola eta Kontserbatorio zein Haur, Lehen eta Derrigorrezko hezkuntzan aritu da irakasle, baita Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean ere. Egun, EHU-ko Hezkuntza eta Kirol fakultatean irakasle dihardu, Txalaparta eta Dalcroze Errimikaren uztarketaren inguruko Doktoretza Tesiarekin aurrera darrai eta MugMus Laborategiako zuzendari artistiko eta musikari gisa “Esku Harriak: Oteizaren (h)aria”ren hogeita hamarretik gora emandi eskaini ditu. Konpainia honekin 2. sormen-lana garatzen hastear da.

Alkizako egonaldian Jone Amezaga, Ioritz Galarraga eta Iñar Sastre taldekideen bisita ere izango ditu eta hainbat ekintza burutuko dituzte sormen-lanari begira zein herritarrentzat.

SORMENAREN KABIA EGONALDI ARTISTIKOA

Fagus Alkiza Interpretazio Zentroak artearen sorkuntza hirietatik deszentralizatu eta  gizarteratzeko helburuarekin artistek hausnartu, esperimentatu eta lan egiteko espazio berri bat sortu du. Hala, deialdi honetan parte hartu duten sortzaileetako bik Hernio mendiaren magalean, Europa 2000 Sarean aitortutako naturagune zoragarri baten erdian euren proiektuak burutzeko aukera izango dute datozen asteetan.

Hautatutako pertsonek bi aste izango dituzte euren ideiei  forma emateko. Lete nekazal etxea, Koldobika Jaureginren Ur Mara Museoa, Inazio Urruzola Txakolindegia eta Alkizako basoak, larreak zein  pagadiak izango dira artisten inspirazio iturri eta baita bat-bateko lantoki ere. Bestalde, proiektua aurrera eramateko, artistek mila euroko beka  bana jasoko dute.

Sortzaileen eta herritarren artean sinergiak sortzeko aukera ere eskainiko die Sormenaren Kabia-k. Hala, Alkizara etorriko diren artistei herriko eragileekin zein gainerako herritarrekin harremanetan egoteko  aukera emango zaie.

Egonaldiari buruzko xehetasunak (datak, agenda, artistekin elkarrizketak egiteko datak e.a.)  Fagus Alkiza Interpretazioaren webean argitaratuko ditugu: www.fagus-alkiza.com.

Ekinez eta ilusioz sortu dugu Sormearen Kabia. Lan eginez, ikasiz, esperimentatuz, eginez eta deseginez, gure habia handitzen joango gara bertan artista gehiagok tokia izan dezaten.  Mila esker abentura honetan bidelagun izateagatik.

www.fagus-alkiza.com

1 2

Web edukia bistaratu
Web edukia bistaratu

 

 

Web edukia bistaratu

euskadi.eus

Goimen

Herritarrekin martxan

Goierriko hitza

gipuzkoa.eus

Herritarrekin martxan