Sakamidra bailara

Aginaga

1527an, Aginagako Joanesek bere alaba Arpidera ezkontaraztean ordainagiria egin zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko inbentarioan, baserri hau ez-ohikotzat jota dago, armarria, bi eguzki-ordulari eta beste hainbat elementu interesgarri baititu. Bere historian honako deiturok azaltzen dira: 1527an Aginaga, 1583an Ezkamendi, 1761-1811n Irazusta, gaur bi etxebizitzatan, batean Eizmendi eta bestean Sarasola. Bertako seme sonatuak, berriz, hauek behintzat badira: Aginagako Domingo maisu hargina, Aginagako Joan erretorea, Aginagako kaperautzaren Maria fundatzailea, Joan Bautista Irazusta hargina eta Joan irazusta euskal idazlearen aita eta denetan ospetsuena Migel Irazusta eskultore barrokoa.

Basazabal

Basazabal edo Basatxabal baserria nahiko berria izaki, Aginagako sendiak eraiki zuen. Lehen aldiz, 1772an, Garagartza batek zergak ordaindu zituen, 1863an, berriz, Dugliols Tolosako sendi liberalarena zen, 1851n Aranburutarrak, 1867an Saralegitarrak eta gaur Saralegi-Olarratarrak bizi dira. Alkizan gaur egun baserri hutsetik bizi den ia sendi bakarra da.