Herriko jai egunak

San Isidro Eguna

San Isidro eguna baserritarren eguna da Euskal Herriko hainbat bazterretan. Maiatzaren 15ean ospatzen da, San Isidro Nekazariaren eguna baita egutegi katolikoan. Egun honetan feria eta ospakizunak ohikoak dira hainbat tokitan, baita Alkizan ere. Baserritarren Eguna ospatzeko egitarau oparoa osatu ohi dute Alkizako Udalak eta herriko Festa Batzodeak. 

Ospakizunak hainbat egunetan zehar burutzen dira. Astegunean tokatzen bada maiatzaren 15a, ohikoa da hurrengo asteburura mugitzea ospakizuna.

San Juan Bezpera (Donibane jaia)

San Juan Gaua gau berezia da munduko hainbat tokitan, eta Alkizan ere hala ospatzen da. Jai honen jatorria udako solstizioa ospatzeko egiten ziren ekitaldi paganoekin lotuta dago.

Jaiaren ekitaldi ezagunena San Joan gaueko sua da, bezperako gauean piztu ohi dena, baina bestelako erritu eta ohiturak ere biltzen ditu. Euskal Herrian, esaterako, egun horretan iturri, putzu eta erreka batzuetako urez garbitzea, horietako ura edatea nahiz San Joan eguneko goizeko ihintzaz bustitzea osasungarria zela sinetsi izan da. Ohikoa da, halaber, etxeko atarian lizarraren, erramuaren edota elorri zuriaren adarrak jartzea, tximistetatik babesteko.

Ohitura ezagunena, esan bezala, baserri atarian eta herriko plazetan sua piztea da. Bertan erretzen dira zuhaitz adar eta traste zaharrak, garbikuntza-berrikuntza sinesmenekin, jai giroan ospatzen den gau magikoan. Tradizioak dionez, su horrek fenomeno naturalen aurkako doain babeslea du eta su-garretatik ateratzen den keak zenbait gaixotasun sendatzen ditu. Alkizako plazan ere, sua pizten da.

Era berean, gau horretan hainbat lekutan ospatzen ziren akelarreak bereziak izaten omen ziren. Alkizan ere, azken urteetan, suaren inguruan dantza egitea jaiaren parte bilakatu da. ​​​​

 

Herriko jaiak

Irailean herriko festak ospatzen dira Alkizan. Ospakizun horiek historia luzea dute atzetik, izan ere, 1692az geroztik ospatzen omen dira data honetan. Irailean ospatzeko hautua, udalaren inaugurazio egunarekin loturik omen dago (irailak 8), 1691. urteak Donostiako alkateak eraikin berria egitea agindu eta gero. Era berean, bitxia badirudi ere, Luis Migel DIEZ DE SALAZAR historialariak idatzitakoaren arabera, XVI. mendean Alkizako zezen-korridak famatuak omen ziren.

Jaiak, herriko plazan egiten den, txupinazo eta oiloaren jaitsierak abiatzen ditu. Kultura eta kirol ekitaldiz beteriko egunak izaten dira, Alkizarrak mahai inguruan biltzeko aukera ere izaten dutelarik. Egitarau oparoa prestatzen dute udalak eta jai-batzordeak.

Azken urteetan, festetan antolatzen diren bertso eta herri-kirol saioek sona hartu dute, inguruko herrietako jendearen ikusmina ere pizten dutelarik.

 

San Martinak

Azaroan San Martinak ospatzen dira, herriko patroi den Martin Tourskoaren omenez, eliza San Martin Toursekoaren zaintzapean baitago.

Azaroaren 11n ospatzen da San Martin eguna, eta jaiak egun honen inguruan ospatzen dira (antzina egun honetan Euskal Herriko baserrietan 'txerriboda' ospatzen zen). 

Udalak eta jai batzordeak egiterau zabala prestatzen dute herritarren gozamenerako.