Monumentuak

Monumentuak

San Martin Parroki-Eliza

 

San Martin izena duen Parroki-Eliza hasiera-hasieratik ikustarazten du hainbat ekinaldi izan direla etxearen eraikuntzan. Lehenik eta bat, gorpuzkera garaiegia da daukan oinplanoak eusteko. Portada ere gogoan izatekoa da arku zorrotzean zabaltzen bait da, arkibolta gutxi batzuk bakarrik apaintzen dutela. Harlanduzkoa da eraikuntza nagusiki, itxusiago eraikitako eremuak badituen arren. Dorreaeta arkupea ditu. Tenplua nabe bakarrekoada, saloi-oinekoa. Kapera nagusia dagoen tokian, zabalgunea du. Absidea zortzialdetakoa da eta parroki-eliza kanpoaldean kontrahorma trinkoak ditu, gurutze-gangen euskarri direnak bezalakoak.


Elizan obra garrantzitsuak egin zireneko lehen berria XVI. mendekoa dugu. 1596an Domingo Legarrari dei egin zitzaion eliza azter zezan eta honek pilareak kalteturik zeudela adierazi zuen. Martin Gereta eta Miranda hargin maixuak bere gain hartu zituen konponketalanak, 1598rako bukatuko zuela aginduaz. 1596ko abenduan lanak Martin Buzelagari egotzi zitzaizkion. XVIII. mendean eta Miguel Abariaren egitasmoa jarraiki egungo dorrea eraiki zen. 1706an behin bukatua zelarik, kanpandorre zaharra suntsitu zen, urteen joanak oso hondatua bait zeukaten. Eliz-gela ere garai beretsuan egin zen. Alkizako Anbrosio Bengoetxeari, eskulturgile errenazentista eta Antxietaren jarraitzaile zenari egozten zaio elizako sagrarioa egin izana. Erretaula nagusia  Miguel Irazustak egin zuen 1720 eta 1747 bitartean.

Alkizalete baserria


 

Alkizalete edo Lete Alkizako baserri bat da, Erdi Aroko jatorria duena. Garai horretakoak dira erdi puntuko arku bat eta behe-solairuko horma-atal gotikoaren zati batzuk, baita XVI. mendeko zurezko zutoin eta habeak ere. Gaur egungo baserria XVIII. mendeko eraikin barrokoa da.

2007ko maiatzaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak kultura ondasun izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Ezaugarriak

Oinplano laukizuzena duen familia bakarreko baserria, 17,5 x 18,5 m-koa, hiru solairu eta ganbara dituena, eta hiru isurkiko hodi-teiladun estalki zurezkoa.

Kanpoaldea

Hego-mendebaldera jotzen duen fatxadarekiko luzetara dagoen gailurra. Gehiena harlangaitzez egindako perimetro-pareta, zuriz luzitua eta pintatua, salbu eta eraikineko lau fatxadetako harlanduetan. Harlanduzko eskantzuak ditu. Fatxada nagusia simetrikoa da, eta behe-solairuan puntu erdiko arku dobelatua duen sarbide bat du, fatxadako ardatzarekiko deszentratua. Alboetan hiru leiho harlanduz inguratuak. Lehenengo solairuan lau leiho-zulo ditu, harlanduz inguratuak baita ere. Lehenengo eta bigarren solairuen artean armarria dago, fatxadaren erdian eta hauts-babes batean gordeta, eta horren ondoan eguzki-erloju bat. Kasu honetan fatxadako horma-atala harlanduzkoa da. Bigarren solairuan lau leiho daude, harlanduz inguratuak. Pinoian bi leiho ditu, eta beste bi ere bai, harlanduz inguratuak. Azkenik, pinoian baita ere, puntan burdinazko haize-orratza duen gailurra erliebezko gurutze bat duen sekzio karratuko harlanduzko zutoin batean bermatzen da.

Hego-ekialdeko fatxadak, lehenengo solairuaren parean, erdi-puntuko arkua duen sarbide bat du; eta beste bat atalburuduna, estalkitxo batez burutua, sarbidea porlanezko maila oker txikiko eskailera bat duena. Fatxada honetan, sarrerako ateen alboetara, harlanduz inguraturiko beste bi leiho-zulo daude. Bigarren solairuan hiru balkoi daude, burdinazko barandadunak.

Ipar-ekialdeko fatxadak sarbide ateburuduna da, zeinetatik behe-solairura igaro baitaiteke. Horren gainean, lehenengo solairuaren parean, harlanduz inguraturiko bi leiho daude. Bigarren solairuaren parean, harlanduz inguraturiko beste hiru leiho.

Ipar-mendebaldeko fatxadak simaurtegi eta txerritegi moduan erabiltzen diren hainbat teilape-eranskin ditu. Behe-solairuan erdi-puntuko arku dobelatua dago, eraikinaren barrualdetik soilik ikus daitekeena. Lehenengo solairuaren parean kuku-leiho txiki bat dago.

Barnealdea

Eraikinaren egitura behe-solairuko harrizko bi zutabetan eta zurezko beste bitan bermatzen da. Eta horien gainean altxatzen dira ganbararainoko atal bakarreko lau zutoin-ardatz. Lehenengo solairuko forjatuak soliba erregularrak, simetrikoak eta sekzio handikoak ditu. Lehenengo eta bigarren solairuetako forjatuetan, habeen gainean, soliba erregularrak eta simetrikoak bermatzen dira. Ganbaran, lau zutoin-ardatzak zurezko urkila banatan bukatzen dira, zeinetan eraikinaren teilatua bermatzen baita. Egitura zenbaki erromatarrez markatua dago. Lehenengo solairuan, fatxada nagusirantz irekia, 8 x 7 m-ko egongela dago, aingeru-buruak irudikatzen dituen iztukuzko apaingarriak dituena. Egongelako ateak eta atal bakarreko oholez egindako tarima ere jatorrizkoak dira.