Arana bailara

Arana bailara

Albiztegi

1348an, Alkiza Tolosarekin hitzarmen kolektiboa egitean, Albiztegiko Joanek parte hartu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko inbentarioan, baserri honen hormetako zurajea, entramadura nabarmentzen dute. Bere historian hanako deiturok azaltzen dira: 1348an Albiztegi, 1678an Sorarrain, 1761ean Arregi, 1811n Geresta, gaur Aranzabe.

Agerre

1396an, Alkizako Lehen Batzar dokumentatuan Agerreko Santxo eta Migelek parte hartu zuten. Historian zehar Agerre nahiz Agirre bezala ageri den baserrian honako deiturok aurkitu dira: 1396an Agerre, 1583an Aginaga, 1761-1811 urteetan Goieneta, gaur Hernandez eta Altzelai. Baserri horretako semea izan zen Agerreko Domingo Goieneta, 1652-1682 urteetan Alkizako erretore, jaiotetxe horren eta Santio aldeko Otsamendiren jabea. Bere bizitzan auzi asko izan zituelako da nabarmena.

Altzorbe

1348an, Alkiza Tolosarekin hitzarmen kolektiboa egitean, Altzorbeko Joan Martin izen bereko aita-suhiak parte hartu zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiko inbentarioan, Altzorbek harrizko baserri dotore eta aurpegi nagusia bikaintzat emanak ditu. Bere historian zehar, honako deiturok ageri dira: 1348an Altzorbe, 1607an Urruzola, 1811n Leturiondo, gaur Alberdi.

Antzieta

1396an, Alkizako Lehen Batzar dokumentatuan Antzietako Per Joanesek parte hartu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko inbentarioan harlanduzko etxe eta aurpegi nagusi dotoretzat hartua dago. Bere historian zehar, honako deiturok ageri dira: 1396an Antxieta, 1688an Roteta, gaur Otamendi.

Arritzaga

Arreisça, Arriçaga, Arrizaga, Arritzaga, Arritza izeneko baserria bazen, 1348an. Badirudi bi Arritzaga bazirela aipatu urtean: Joan Santxez eta Pero Santxo Arriçaga sendiak alegia. Arritza Etxeberria bat, aldiz, 1783an agertzen da, eta 1851-1867 urteetan sendi bakarra bizi zen etxe hartan. Lehen Arritzaga, Ezeiza, Arsuaga eta gaur bi sendi bizi dira: Aranzabe-Iruretagoiena eta Zubiaurretarrak.

Bengoetxea

Antzinako Behengoa, XVI. mendeko baserriaren ondorengoa dateke gaurko Bengoetxea baserria. GFAko inbentarioaren arabera, fatxada handia, arearrizko harlandu bikain eta tajuz tailatutako hormak dituzte bi bizitzek. Bertan 1551n jaio zen Anbrosio Bengoetxea eskultorea. Urteetan zehar abizen hauek erlazionaturik egon dira: Behengoa, Bengoetxea, Legarra, Esnal, Lopetegi, Iraola, Arsuaga eta Aranburu.

Bentzalaga

Belçalaga, Bolçalaga, Beltzalaga, Bentzalaga, Belçalaga la de Echandidor edo Belzalandia izen aldaketak ageri dira 1384 urtez geroko dokumentuetan. Martin eta Migel Miranda aita-semeak etxe horretan jaio ziren, XVI-XVII. mendeetan, besteak beste elizak eraikitzen aritu ziren Alkiza, Ataungo San Martin parrokian eta Nafarroan. Etxe horretan bizi izandakoen artean honako deiturak ageri dira: Beltzalaga, Miranda, Labaka eta gaur Ugartemendia-Zuriarrain.

Bentzalaga-txiki

Belçala-txiki, Beltzala-txiki edo Bentzala-txiki izenak ageri dire dokumentuetan. Bi Beltzalaga baziren, 1561ean, etxe-erreketen lehen asegurantza egin zenean eta, 1761ean, etxe hartakoak Leteko maizter ziren. Batzuk jabe eta besteak maizter izanik, abizen hauek behintzat erlazionaturik egon ziren aipatu baserriarekin: Alkizalete, Agirre, Mintegiaga, Arizmendi, Mendizabal eta Alkain.

Garaikoetxe

Garaycoa izenez agertzen da lehen-lehenik,  1396an, gero Garaycoechea hartu zuen, euskal grafian, berriz, Garaikotxearekin geratzeko. Dena den, herrian Gaikotxetzat erabilia da. GFA-ko txosten teknikoaren arabera eraikuntzak baditu zenbait elementu bereizi: estela biribila, erdi-puntuko arkuak, gezi-leihoak. Badirudi garain batean ermita ere izan zela. Garaikotxeko Domingo, 1561ean, herriko erregidore zenez, bazen etxearen jabe ere. Bertako abizen ezagunak honako hauek dira: Garaiko, Garaikoetxea, Urruzola, Agirre, Irazabalbeitia, Arrasate, Elosegi, Barandiaran . . .

Iribeitia

Historian zehar grafia desberdinarekin ageri da: Iribeeytia, Hiribehetia, Iribeitia eta Iribeti. Bertako bizilagunen abizenak hauek aurkitu dira: Iribeitia, Lizarraga, Iñarra, Olasagasti, Geresta, Usabiaga, Otegi, Legarra eta Roteta. Baserri hau gaur teilatua erorita, hutsik eta egoera lastimagarrian aurkitzen da. Alkizako lehen batzar dokumentatuan, 1348an, bertan ziren Iribeitiako Santxo Perez eta Martin Santxez.

Igaranzabal

Igaran errota 1563 ezkero dataturik dago, handik eratorri zen Igaranzabal baserria eta, 1731n, lehen aldiz agertzen da, errotaren antzera izen anitzekin: Ianzabal, Iaranzabal, Ieranzabal eta Igaranzabal esateko. Bertako jabe eta maizterrak honako hauek bederen ezagutzen dira: Ezkamendi, Urruzola, Mendizabal eta gaur Iruretagoiena-Mendiola sendia bertan bizi da.

Intxaurraundiaga

Baserriak Insaurrandiaga, Insaurandiaga eta Intxaurrandiaga idazkera ezberdinak hartu ditu dokumentuetan. Nahiz eta XIV. mendean Intxaurrandiagan abizen bereko Pedro bat bizi, Joan Bautista Intxaurrandiaga harginak eraiki zuen gaurko eraikuntza dotorea, XVIII. mendean. Bertako seme izan ziren Joan Bautista eta Joan Elias hargin eta eskultoreak. Bi etxebizitzetako abizenak, berriz, honako hauek: Intxaurrandiaga, Pagadizabal, Elola, Urruzola, Irazusta eta gaurko Urruzola eta Sorarrain.

Kukutegi

Alkizan bazen Kukutegi izeneko etxe bat, 1561ean, Liazasoro kiskali eta Kontzejuak erretako etxeei diruz laguntzea erabaki zuenean, “Cucutegi la vieja” deitua. Bestalde, 1771n, antzeko hiru etxeren izenak ageri dira: Goiko eta Beheko Kukutegi eta Kukutegi-etxeberritxo. Etxe horietako abizenak, berriz, abizenok aurkitu dira: Kukutegi, Urruzola, Arrue, Amondarain, Iztueta, Caminos, Garmendia, Gaztañaga, Gorostidi, Elola, Goñi eta Argote. Etxe hura Portseta bezala ere dokumentatua dago.