Alkiza historian zehar
Alkiza historian barrena
Alkiza, auzo izatetik hiribildu izatera.
Peio Joxe Aranburu Ugartemendiak bildutako Alkizaren historia, bertako jatorria eta historia ezagutu nahi dituenarentzat ezinbesteko irakurketa.
Historia
Informazio gehiago:
Historia
Alkiza herriaren historiari buruzko laburpen dokumentatu - didaktikoa
Alkiza herriak hiru aldi nabarmen, ezberdin eta oso dokumentatuak dauzka, nahiz eta udalerria biztanlez txiki, berantiar eta txiroa den. Euskal Herriaren atlantiko isuriko mendi, baso eta geografia umelak baldintzatu du bere historia osoa.
1. Alkizaren lehen aipamen historikoa, 1348/1386koa da, beraz, lehenagoko aztarnak bere historia aurrekoak lirateke: koba zuloak, leizeak, hidrografia, istorio mitologiko – mitikoak, toponimia eta abar. Gai hauek Arantzadi elkarte eta besteek aztertu eta argitaratu dituzte.
2. Alkizako baserritar ezagunek, XIV. mendean, Tolosa hiribilduarekin elkartzean, auzotasun kolektiboa eta berarekiko menpetasuna sinatu zuten; eta 1450ean, Tolosa utzi eta Donostiaren babesa hobetsi zuten.
2.1. Litxaso (Liazasoro) baserria erre zelako, 1561an, Alkizan etxeen asegurua antolatu zen, eraikuntzak sailkatu, zerrenda idatzi eta beraien baldintzak ezarriz.
2.2. Bengotxeako Anbrosio eskultorearen bizitza, (Alkiza 1551, Asteasu 1625). Herrian dagoen bere sagrario monumentala ospetsua da.
2.3. San Martin parrokia berria eraiki eta, 1600. urtean, amaiturik zegoen.
2.4. Alkizako juraduek Donostiako alkateei, 1600-1621 urteetan emandako diru kontuen liburua udaletxean gorde zelako, gaur ezaguna eta argitaratua dago.
2.5. Batxillerdegia edo Alkizamendi, erretore etxe zaharra kiskali zen, 1609an, elizako dokumentu guztiak barne. Beraz, lehen bataio eta beste sakramentu agiri ezagunak 1610ean hasten dira. Lehen bataioen azala ere argitaraturik dago.
2.6. Aginaga baserriko Migel Irazusta eskultoreak Anbrosioren sagrario baztertu eta erretaula berria taxutu zuen, 1730ean. Bera izango zen Alkizako lehen alkate ere.
2.7. Alkiza, 1731n udalerri bilakatu zen, Tolosa bailarakoen aldean txit berandu.
3. Alkiza udalerri, 1731n. Espainiako V. Felipe erregeak konstituzio dokumentua eman zion eta, 1735ean, lehen ordenantzak sortu eta onartu zituzten alkizarrek. Araurik eztabaidatuena zera izan zen: ea alkate izan zitekeen egoiliarra ez zen bat, hots, Migel Irazusta eskultorea edo Joan Bautista Intxaurrandiaga. Biak herriko alkate izan ziren.
3.1. Alkiza eta Anoetak Ainsu Unioa sortu zuten, 1742an, Batzar Nagusietako gastuak arintze arren.
3.2. Ainsu Unioari, 1815ean, Hernialde gehitu eta Ainsuberreluz Unioa osatu zen.
3.3. Alkizako Udalaren ondasunak izan ziren Egurrola burdinola, 1615ean errea eta Olaa, Goiko errota, Errota Berri eta Igaran errotak, 1810ean besterenduak.
3.4. Gaurko Erretore etxe berri eta dotorea, 1800 aldera eraiki zen, Joan Elias Intxaurrandiaga arkitektoak eginiko planoen arabera.
3.5. Era berean, XIX. mendean udal eremuaren erdia besterendu zen, hau da, 11’90 Km2-tik 5’30 Km2 . Beraz, Alkizako udalak bi aldi izan zituen, bata aldi oparoa, 1810 aurrekoa, herrian notario egoiliarrak izan, Lehen Letretako eskola sortu… zituen eta bestea, aldiz, txiroa.
3.6. Alkizan Plan Benefiziala, Elizbarrutiko erreforma onartu zen, 1816an, besteak beste igande eta jai egunetan hiru meza…
3.7. Alkiza, 1854an, 658 biztanle izatera heldu zen.
3.8. Garaiko pertsonaia batzuk:
3.8.1. Migel Irazusta eskultorea, 1665-1743
3.8.2. Joan Bautista Intxaurrandiaga hargina, 1680?-1747
3.8.3. Joan Irazusta erretore idazlea, 1688-1772
3.8.4. Joan Elias Intxaurrandiago eskultore eta arkitektoa, 1735-1800?
3.8.5. Joan Domingo Elola notarioa, 1728-1803?
Alkizako historiako zenbait momentu
1348ko auzotasun hitzarmena
1348an eman ziren lehenengo auzotasun-hitzarmen gutunak eta hauek ziren, Oxirondoko Santa Marina Beragararekin, Alkiza eta Asteasu berdin Tolosarekin. Adostasuna 1348ko martxoan egin zen, Asteasu eta Alkizako biztanleak Tolosarekin lotu ziren eta bere ondasunak Tolosako alkate arruntaren epaitegiari. Edonola ere, herriek bere ondasun komunalak mantendu zituzten,bere administrazio eta disfrutatzen esklusiborako, baina justizi urbanoarenpean. Fiskalitatea erregulatu zen, herriek ordaindu zitzatela bezindade kostuak, banaketak biztanlegoari jakinaraziz. 100 mrd baino handiagoak zirenean, azkenik kontribuzio sistema soilik ezarri zen, aberats eta pobreei tokatzen zen moduak tasatuta. 1386an, antzeko beste akordio bat sinatu zuten Alkiza eta Asteasuk Tolosarekin. Bertan testigu izan ziren:” Martin Miguell d’Alquiça e Martin Perez d’Echaue e Johan Lopez de Oreyarbide e Johan Martin d’Alçorbe e Johan Martin, su yerno, e Johan de Mucio e Martin Yuannez d’Alquiça Lehete, su yerno, e Martin Garçia d’Alquiça Lehete e Johan Miguell de Harreysça e Johan d’Alui ( )ez (a) /8 e Miguell Martinez d’Arreysça e Johan Yeneguez de Bolçalaga, vezinos d’Alquiça”.
1396ko elkartze eskritura berria
1396an, elkartze eskritura berri bat sinatu zen, baina oraingoan soilik Alkizarekin bakarrik. Tolosako jurisdikziora lotuta zeuden beste herrien antzeko baldintzak jarraituz. Batzarrean parte hartu zuten alkizarren zerrenda: Aritzetegiko Pero Migel, Martino Abata, Agirreko Santxo, Gerezietako Joan, Altzorbeko Joan, Behengoako Joango, Beltzalagako Martin eta bere semeak, Martin, Migel eta Santxo, Iribeitiako Joan eta bere semea Joango, Alkizaleteko Martin Perez, Urrutiako Martino, Aritzetegiko Joango, Aritzegiko Joan Migel eta bere semeak, Migel eta Joan, Aritzegiko Per Joan, Aritzegiko Migel Joan, Hacasoroko Pero Dias, Arpideko Joango, Arpideko Lope eta bere semea, Martin Lopez, Gerrako Migel, Urruzolako Otxoa Perez, Migel Urruzola, Arangurengo Martin Perez, Garroko Migel Martinez, Garroko Lope, Etxabeko Matxin, Etxabeko Matxinko, Etxabeko Migel, Martin Zuria, Joango bere semea, Garmendia Per Joan, Ibarrako Martin eta Santxo bere semea, Antzietako Per Joanes, Albiztegiko Martin Fernandez, Arritzagako Joan Santxez, Zumitzako Joan, Garaikoako Migel, Antzietako Joan Martin, Intxaurrandiagako Pedro, Agirreko Migel Santxo, Larreako Joana, Azaldegiko Maria Joan, Garroko Maria, Alkiza-Mendiako Elbira, Alkizaleteko Joan Migel, Arritzagako Pero Santxo eta Gerezietako Dominika.
1435eko liskarrak
Tolosarekin 1435an egon ziren Tolosarekin liskar gogorrenak, Segurarekin ikusita bezala banaketen arrazoiarekin, eta Valladolideko kantzilertzako epaitegian bukatu zuten. Tolosaren aurka atera ziren: Berastegi, Elduain, Belauntza, Leaburu, Gaztelu, Lizartza, Orexa, Amasa, Irura, Anoeta, Hernialde, Zizurkil, Aduna eta Alkiza. Auzia jarri zuten herri guztiek ez zuten onartu konkordia, Tolosako autoritate fiskalari sendo eusten ziona beste herriekiko. Hori dela eta, Zizurkil, Aduna eta Alkiza herri errebeldeak kontsideratuak izan ziren. Ikuspuntu geografikotik, Tolosako jurisdikziotik urrunena geratzen ziren hiru herriak eta Donostiakotik gertuago. Tolosako beste herriek onartu zuten Konkordiaren artikulatuarekin. Alkiza eta Aduna ados ez egotea izan zen 1450eko urte berean Donostiarekin elkartzeko arrazoia. Zizurkilek geroago onartu egin zuen. 1479an Andoaingo Berrozpe dorretxean, bakea sinatu zuten, Donostia eta Tolosak 101 urterako. Alkiza eta Aduna Donostiarekin geratu ziren eta Andoain Tolosarekin.
Alkiza 1512. urtean
1512an, Alkizak 568 maravedi ordaindu zizkion Donostiako udalari kontribuzioan. 1512an 19 su zeuzkan Alkizak eta harresiz kanpo Donostiak populatuen zeukan gunea zen. 1566an, hiru Alkizar zeuden Donostian zentsatuak, ez zeukaten hautatuak edo hautatzaileak izaterik, ez zeukatelako jabetzarik. Hauek ziren: Santa Maria kalean bizi zen Julian Urrutia, Trinitate kalean bizi zen Martin Echabe eta soldadu zegoen Juan Urruzola. 1567an, San Vicente parrokiaren bigarren eraikitzearen kontratua sinatu zuten, Miguel Santa Celay eta Juan Urrutia alkizarrak, 18 urteko epean bukatzekotan. Urrutia aita-semeek obra asko egin zituzten Donostiako muellean. 1145ean, Juan Bautista Insaurrandiaga Kantero alkizarra obretan ari zen Donostiako Santa Maria parrokian, Pedro Ignacio Lizardi sozioarekin, honek 1149an auzia jarri zien bere obretako lankidearen ondorengoei, diru kontuak zirela eta. 1014an Sancho III.ak, Donostiari emandako pribilejioan, Alkizako Freza de Zupite aipatzen da. 1586an San Vicente parrokiko erretaula egiteko kontratua sinatu zuten, Ambrosio Bengoechea eta Juan Iriartek. Gaspar Iturregui, Alkiza eta Getariko erretore eta benefiziatua, trienio kontituzional garaian, erregearen alde azaldu zen, baina gero kristinoa egin zen, Frantziara alde egin eta ondoren Iruñan bukatu zuen.
Alkizarrak historian zehar eta beste zenbait herriko momentu esanguratsu
- Sancho III.enak, 1014an Donostiri emandako pribilejioan, Freza de Zopite Alkizakoa agertzen da.
- 1319ko apirilaren 21ean, Berastegi eta Elduayen kontzeju gipuzkoarrek, alde batetik, Leitza nafarrarekin, bestetik, zituzten mugen inguruko auzian, euren ezberdintasunak izendatzen dituzten bost arbitroen laudorioaren menpe jartzea onartu zuten. Laudo horren testigu izan zen Miguel Lopiz de Alquiça.
- 1512an, Alkizak 568 maravedi ordaindu zizkion Donostiko udalari. 19 su zituen Alkizak eta harresiz kanpo Donostik zeukan populaziorik handiena zen.
- 1540-10-06an, Alkizako Katalina Alkizaletek, Anoetako Bartolome Idiakaizi ordainagiria eman zion, birjina izanda, egindako bortxaketa ordaintzeko.
- 1556-03-11n, Arrizaga baserrian egindako testamentuan agindutako mezeri esker, badakigu ordurako, Santa Kruz eta Santiago ermitak bazirela.
- 1557-05-05an, Alkizako Katalina Alkizaletek, Amasako Martin Miranda gazteari emandako ordainagiria. Haiek izandako seme bat hazitzeagatik.
- 1563-09-08an, etxe erreketei zegokien dirulaguntza arautu eta onartu zen. 1561 aldera Liazasoro baserria kiskali zela eta, Kontzejuak erabaki garrantzitsua hartu zuen behin betirako: 3 multzotan sailkatu zituen baserriak: eskubide eta obligazio osokoak, eskubide eta obligazio erdikoak, eta eskubide eta obligazio laurdenekoak. Baserri nagusietakoren bat erretzen zenean, osoa errez gero, 50 dukat zegozkion. Erdikoei, berriz, 25 dukat zegozkien eta laurdenekoei 12,5 dukat.
- 1566-06-29an, San Martin parrokiako hamarrenak, Blasio Katalandegik, enkantean hartu zituen 56 dukatean. Egun Berean, kontzejuak erabat birrinduta zegoen Egurrolako burniola berritzea erabaki zuen.
- 1566an, honako hiru Alkizar bizi ziren Donostian: Julian Urrutia, Donostiko Santa Maria kalean, Martin Etxabe Trinitate kalean eta Juan Urruzola soldadu, ez zeukaten hautatuak edo hautesleak izateko eskubiderik ez zirelako jabeak. Garai hartan, Donostik harresiz kanpo zeukan populaziorik handiena zen Alkiza, 19 surekin.
- 1566-01-01an, Egurrolako obrak, Aiako Martin Aialdek, enkantean hartu zituen 124 dukatean.
- 1567an, Donostiako San Vicente parrokiaren bigarren eraikitzearen kontratua sinatu zuten, Migel Santa Celay eta Juan Urrutia alkizarrak, Donostian, 18 urtean eraikitzeko obligazioarekin.
- 1568-01-01ean, Kontzejuak Egurrolako burniola errentan eman zien, Aiako Domingo Gorriaran eta Andoaingo Joan Garagorriri. Ez zuten hitza bete eta hitzarmena hausteko ahala eman zitzaion kontzejuari.
- 1576-01-05ean, Goiazko Domingo Lete, Alkizako Martin Idiakaiz, Errezilgo Joanes Areizeta eta Anoetako Pedro Idiakaizen arteko hitzarmena, haiek Alkizamendia etxearen inguruan izan zuten borrokari buruz. Epaileak izendatu zituzten. Adierazi zuten aurreko urteko San Martin gauean, lagunarte ederrean atera zirela laurak, Alkizamendia etxetik. Ustekabean zaurituak izan zirela Domingo, Martin eta Pedro, gau oso iluna zela, eta ez zutela jakin nork eta nola zauritu zituen, hala ere, uste zutela beraien artean zauritu zirela.
- 1583an, agintari berrien hautaketa eguna, martxotik San Juan aurreko igandera aldatu zuten.
- 1587an, Sorabillako Joanes Arbizak, elizako erretaula zaharra egina zeukan. Joan Manuel Legarra Asteasuko notarioak honela deskribatu zuen, “Kaixa batean San Martinen historia margotua, bi koloma artean”.
- 1587an Ambrosio Bengoetxeak Donostiako San Vicente parroki elizako erretaula eraikitzeko kontratua sinatu zuen.
- 1590an Alkizako parroki elizako seroretza hutsik, Domenja Catalandegui bere jabea hil zelako. Bizilagunak desadostasunean, Magdalena Urrutia eta Magdalena Catalandegui aurkeztu zituzten. Auziaren garaian, bigarren hau hil egin zen eta Urrutiari eman zitzaion seroretza.
- 1592an Ambrosio Bengoetxea, Asteasun bizi zen Alkizako eskultore imajineroak, justizia, errejimentu eta San Vicenteko diruzainaren aurka, eliz honetako erretaularen tasazioari buruz. Errejimentuak ez zuen onartzen Pedro Gonzalez de San Pedro, Anbrosiorekin batera, Juan Anchietaren diszipuloak izan zirelako. Azkenean, Gonzalez de San Pedro, Lope de Larrea eta Pedro Arbulok, 4.670 dukatetan tasatu zuten, adieraziz erretaulan zuzenketa batzuk egin behar zirela. Horretarako kontratu berria egin zen Bengoetxearekin. Bukatutakoan berriro auzia zegoen tasadoreak hautatzeko. Kasu honetan, errejimentuak, Gonzalez de San Pedro eta Jeronimo de Goizueta hautatu zituen.
- 1592an Ambrosio Bengoetxeak, Berastegiko parroki elizako erretaula eta sagrarioa eraikitzeko kontratoa sinatu zuen. Bidarte eta Bengoetxeak 63 dukatetan tasatu zituzten, Balliriaingo parrokian, Migel Lizarzak egindako lanak.
Agurrola edo Egurrola burniola
Agurrola edo Egurrola Burniolaren lehenengo berriak, eraiki zen 1511 urtekoak dira. Esteban Aquegarza Zestoakoak, Alkizaren izenean egin zituen pribilegioetan, Arraga-errekan (Donostiako jursidikzioa zenean), Aldapa auzoan, Ikilisagasti baserritik gertu kokatua zegoena.
Orduz gero, kontzejuaren jabetzakoa zenez, bere ferroiak aldatzen joan ziren. Horrela, Esteban Aquegarzaren berri daukagu 1517 eta 1521ean, Juan Aguergarza 1531n, Pedro Echániz 1559an, Juanes Aramburu 1574an, Pedro eta Juanes de Unamberro 1585 eta 1588an, Juanes bera 1595 eta 1597an, Juanes de Zuzaya 1599an eta ondoren Juanes de Arizmendi.
Aurretik fidantza jarrita, egindako errentamenduak 4 urterako eta noiz behinka 8 edo 9 urterako izaten ziren. Horietan gainera, burdinola bakarrik ez, etxebizitza, bi errota bere piezekin, azekia, gaztainondoak, baratza, etab. sartzen ziren, hau da, industria osoa, bere subarrendoa baimendurik zegoelarik. Hala ere, errentamenduaren baldintzak nahiko gogorrak ziren; horregatik, kandela piztuko pujak okasio askotan hutsik geratzen ziren. 1514an Gaztelako erregina zen Juana eroak, alhabala (zergak) ez ordaintzeko pribilejioa eman zion, egin zizkion zerbitzuengatik.
Diru arazoekin ibiliko zen udala hamaseigarren mende bukaeran, non 1598an, zentsu bat kontratatu zuen, 98 duhatekoa, urtean 7 duhateko etekina ordainduz Juan de Eraustieta tolosarrarekin, garantian burniola bere azekiekin eta bi errotekin jarriz.
Dokumentuetan azaltzen denez, burniolan obra garrantzitsuak egin ziren hamaseigarren mendeko bigarren erdian. 1566an agertzen da burniola ia erabat deseginda zegoela, Ayako Martin Ayalderi konponketa enkargatuz; 1599an, 137 duhateko faktura batek erakusten duen bezala (ia bi urteko errenta), Juan de Echabe arotzak kontzejuari pasa ziona.
1614an uholde batek erabat suntsitu zuen eta ez zen berriro berreraiki.