Juan Irazusta Alkizalete (Alkiza, Gipuzkoa, 1688 – 1772)
Euskal idazlea, Hernialdeko erretore moduan ezaguna
Euskal letretan Joan Irazusta Hernialdeko erretoretzat ezaguna izan arren, inork gutxik aitortu dio Migel Irazusta eskultorearekiko ahaidetasuna eta Alkizan jaio izana. Aita, Joan Bautista Aginaga baserrian jaio eta herriko arotz-hargina zuen, ama, berriz, Leteko Katalina Alkizalete.
Ezkondu eta Mendia etxean bizi zirelarik, aipatu bere gurasoek lau seme-alaba eduki zituzten eta zaharrena Joan. 1688an, San Martin parrokian bataiatu zuten. Bere senideak, Maria Josefa Etxabeko herriko notarioarekin, Martin Hernialdeko Igor baserrira eta Martin Jose Errezilera ezkondu ziren. Joan, ordea, Pedro Aguado Iruñeko gotzainak, 1714an, aitortzak eta sermoiak egiteko baimendu zuenez, ordurako apaiz zen.
Joan erretore Hernialden, 1716-1752
Hernialdeko erretorea hil zenean, 1716an, bi hautagai aurkeztu ziren, Domingo Montes bertako semea eta Joan alkizarra. Hauteskundeak kanpokoak irabazi zituen. Hernialden egin zituen hiruzpalau ekintza nabarmenduko dira hemen.
Parrokiako bi alboetako aldareak bere garaian eraiki ziren.
Hilerria ere urte haietan egin eta gorpuak han ehorzten ziren.
Gero areagotuko zituen ondasunen pilaketari ekin zion, ahaideen herentzien bidez, esaterako, Alkizako Garmendia eta Katalandegi.
Bere dotrinak lehen argitalpena 1739an izan zuen, handik zetorkion izena ere: Hernialdeko erretorearen dotrina. Gotzainak, 1748an, zazpi hilabetetan zigorturik, kaputxinoen komentuan eduki zuen. Ez da azaltzen arrazoirik.
Joan erretore Alkizan, 1752-1772
Herriko erretorea eta Joanen amaren anaia, 1746an zendu zenean, hiru hautagai aurkeztu ziren Alkizan: Hernialdeko erretorea eta Antzietako Domingo Roteta, biak alkizarrak eta Asteasuko Pedro Rekondo. Sei urtetako auzien ondoren, Erromako erabakia Joanen aldekoa suertatu zen. Bere erretoretzak 1752tik 1772 arte iraun zuen.
Urte haietan, Alkizako elizan hobekuntza nabarmenak egin ziren: zoru osoa berritu zen, sepulturak, harlanduzko erdiko pasabidea, gizonezkoen eserlekuen azpiko zorua (2000ko berrikuntzan desagertuak), korupeko arkua eta zurezko zortzi aulkiak esaterako. Santiago ermitarako bidean, 1762- 1763 urteetan, guruzbidea tailatu zuen Martin Karrera arkitektoak.
Joan Irazustaren dotrina, 1739-1939
Euskal Herriko Eliz Barrutietan euskaraz dotrina ugari argitaratu ziren, 1561-1740 urteetan. Joan Irazustak idazlan bakarra publikatu zuen. 1739an Gaspar Astete jesuitaren doktrina argitaratu zuen Iruñean, euskarara itzulita, "Doctrina Cristiana Aita Gaspar Astete Jesuitac erderaz compondua ipiñi zuan Eusqueraz D. Juan de Irazusta Erretore Hernialdecoac…" izenburuarekin. Berrehun urtetan berrogeita hamar argitalpen bederen izan zituen, gehienak Gipuzkoan. Urte haietan eliztar ugarik buruz zekiten, alkizarrek barne, nahiz eta ez jakin dotrina haren egilea herriko seme bat zela.
Aita Larramendi baino bi urte lehenago jaio eta sei urte beranduago hil zen Irazusta, beraz, biak oso garaikideak izan ziren. Larramendik, 1729an, bere gramatika ospetsua idatzi ondoren, Irazustak dotrina itzuli zuen euskarara. Horretarako, ordea, ez zuen Larramendiren Hiztegi Hirukoitza erabili, 1745ekoa baita.
Jose Otxoa Arinek, 1713- 1738 urteetan, Ordizian idatzi eta zabaldutako dotrina gipuzkoarra desagartarazi zuen Irazustaren dotrinak. Gainera, Larramendik Mendiburu jesuitaren itzulpena gaitzetsiz, hauxe gehitu zuen Joan Irazustaren obraz:
“... que no puede imprimirse con ese nombre, sin que luego lo mientan los bascongados, a lo menos acá en Guipúzcoa, porque ya tienen modernamente traducido el P. Astete por el Rector de Hernialde, y haviendose acabado la impresión 1ª, ha echo otra segunda, y en los lugares y casas saben el Astete en bascuence, y no tiene más defecto esta traducción de Hernialde que no ser tan limpio como pudiera su bascuence”.
Gipuzkoako apaiz euskal idazleen artean, katebegi baten eginkizuna bete zuen Irazustak: Otxoa Arin, Irazusta, Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Gerriko, Agirre... Joan Irazusta idazle apala, baina, garbizale aurrekoa eta goiztiarra izan zen. Gipuzkoa osoan berrehun urtetan bere dotrina buruz ikasi zuten ia eliztar guztiek.
Itzal handiko erretore aberatsa
Hori argien bere testamentuak frogatu zuen. Herriko notarioa koinatua izan arren, kanpoko notario batekin gauzatu zituen bere azken gogoak. Hernialdeko Igor baserriko ilobei utzi zizkien ia ondasun denak. Ondasunen artean Eleizegi Garaikoa, Garmendia, Gilisagasti, Mendia eta Urruzula Azpikoa bost baserriak eta dirutan kopuru handiak pilatu zituen handik eta hemendik, gehien bat herentzien bidez. Hori bai, Alkiza eta Hernialde bi herrietan mezak emateko kaperautzak fundatu zituen.
Juan Irazustaren heriotzaren 250. urteurrena
Herri handiek historian edo artean arrastoan utzi duten herritar ugari izan ohi dituzte. Gureak bezalako herri txikiek, are gehiago nekazari ingurukoak badira, nekez izan dituzte jaioterriari tornuia eman dioten pertsonaiak, nahiz eta inoiz horrela izan bada ere, Araozko Lope Agirre kasu.
Besteek egingo ez dutelako, guri dagokigu herriak eman dituen izar apur horiek ahanzturatik ateratzea eta merezi duten distira ematea. Arrazoi horrexegatik erabaki zuen udalak Juan Irazustaren heriotzaren 250. urteurrena aitzakia egokia zela Irazusta purgatoriotik ateratzeko eta bere sona XXI. mendera ekartzeko.
Esan bezala, Joan Irazustak idazlan bakarra argitaratu zuen, bi mendetan zehar Gipuzkoako milaka haurrek memoriaz ikasi beharra izan zutena. Aldekoak eta kontrakoak izan bazituen ere, bere itzala gaur egun arte iritsi da. Hala, Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak, Irazusta, bere garaia eta lana gogora ekarri zituzten.
2022ko uztailaren 22an egin zen ospakizun-ekitaldia. Oroimeneko ekitaldia taxuz eta tornuiaz egin ahal izateko ezinbestekoa izan zen Euskaltzaindiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaritzaren eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren laguntza.
Ospakizunak bi zati izan zituen. Lehenengoan Juan Irazusta eta bere garaiari buruzko erakusketa inauguratu zuten Fagus-Alkiza Interpretazio-zentroan. Bigarren zatian, San Martin Tourseko elizan, "Juan Irazusta. Pertsona, garaia eta idazlana" liburuaren aurkezpena egin zuen Olatz Leturiagak, liburuaren egileak.
Duela bi mende eta erdi suak harrotu zituen liburuaren garrak ez dira itzali, eta Alkizako Udalak eta Euskaltzaindiak antolatutako omenaldiari esker, Irazustaren izenak eta lanak gure oroimenean bizirik jarraituko dute. (Ikus hemen egun hartako prentsa oharra).
Irazustari buruz gehiago jakin nahi dutenek, jarraian eskuragarri dituzue Juan Irazustaren inguruan idatziriko liburua eta erakusketarako prestaturiko informazio panelak.