Ernio bailara

Ernio bailara

Aldaia

Aldaia baserria Arantzabenekoek eraiki zuten, lehen aldiz dokumentuetan, 1811n agertu zen. Gaur Ttonttor izenarekin ezagutu eta hutsik dago. Bere jabetza beti Arantzabeneko nagusiak eduki du eta, 1851-1867 urteetan, Larrarte familia bizi izan zen bezala, guk ezagutu ditugun azken maizterrak Bitoriano eta Joxantonio arotza izan ziren, geroztik ardi-borda bezala erabiltzen delarik.

Aranguren

Alkizako Lehen Batzarrean, 1396an, Arangurengo Martin Perez bat izan zen. Etxe horren jabeak urteetan zehar Aranguren, Urruzola, Olasagasti eta Otaegi deituradunak izan dira, gaur egun hutsik badago ere. Bere eremuetan, bapateko iturburu bikaina, hots, Arraia erreka jaiotzen delako, berari Aranguren ere deitzen diogu.

Arantzabene

Alkiza izenarekin batera sortu zen gaur Ernio bailara deitzen zaiona. Hor Aiçeta, Areçetegi eta Aritzetegi eta Arantzabene baserriak azaltzen dira historian zehar, gerora, Aldaia eta Gorostidi edo Pedrojuanenea: XVI. mendean Areçetegui de suso eta yuso edo Aretzetegi Garaiko edo Azpikoa. Arantzabetarrek etxe berria eraiki ondoren, Arantzabene edo Aritzetegi Barrena deitu zioten eta, 1851ean, bi Aritzetegi Azpikoa eta Barrena agertzen dira. Beraz, aspaldiko Aritzetegi Azpikoa Erdikoa bilakatu zen. Ântzabenen, gaur ahoskatzen denez, Arantzabe, Tapia eta Mujikatarrak bizi izan dira eta GFAko inbentarioan harlanduzko etxe dotoretzat hartua dago.

Aitzetagai

Baserri-izen hau XVI. mendekoa behintzat bada, bere izena Areçetegi de suso (1563), Aretzetegi Garaikua (1851) eta gerora Aitzetagai bilakatu da. Familia bakarra bizi izan da 1865 arte. Ondoren bi ezagutu ditugu, deiturak, berriz, Areçetegi, Aranburu, Ezeiza, Otegi eta Sagastume. GFAko inbentarioak erabat aldatu eta berriturik dagoela dio.

Aitziterdi

Areçetegi de yuso (1563), Aretzetegi Azpikua (1851) eta berriki Aitzeterdi edo Aritzeta-barrena izenak eman zaizkio. Baserri hau GFAaren babesean, 1996an, Alberto Santana arkitektuak ikertu eta zera aitortu zuen: XV. mendeko baserri berezi-berezia eta elementu interesgarriak ditu, besteak beste, hara nola XVI. mendean gehitu zitzaizkion karga-horma edo zeharrean eginiko suhesi bat, zurezko hornidurak eta dolare tzarra, azken honen arrastoak bakarrik gelditzen direlarik. Bertako familia batzuen deiturak honako hauek dira: Areçetegi de yuso, Arantzabe, Eizagirre, Iraola, Ugartemendia eta Goena-Bilbao jabeak, eta maizterra, aldiz, Larrarte (1784).

Areta

Lehen aldiz, 1563an, Araneta izenarekin, 1736an, Araeta, gero Arraeta eta gaur Areta baserritzat ezagutzen dugu. Baserri honetan jabeak eta maizterrak bereizi behar dira: Araneta, Geresta, Lizarraga, Otaegi eta Mujitarrak etxe-jabeen artean egon diren bezela, Landa, Aranburu, Aizpurua eta Beobide maizterrak ere bizi izan ziren. GFAak, 1988an, Alkizan egin zuen inbentarioan ez zuen Ondare historiko-artistikoan sartu Areta baserria.

Beandoain

Berandoain, Beandoain, Berandegun edo Bedandegun baserri izena lehen aldiz, 1583an, dokumentuetan agertu zait. GFAko inbentarioaren arabera, harlanduzko paretetan gezileihoak eta bertatik ikusmira ederreko parajeak ditu. Historian zehar kaperautza eta abizen hauekin loturik agertzen da: Miranda, Urrutia, Alkizalete, Amiama, Usandizaga, Iguaran eta Beobide.

Lizartzelai